XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

4. Lehendakaria

Milia erdi atzerago, Shuckworth, Shanks eta Showlerrek telebista kamera Kristalezko Igogailu Erraldoiari begira mantendu zuten denbora guztian.

Eta, mundu osoan zehar, milioika eta milioika pertsona bere telebista aurrean pilatzen ziren, Lurbiratik berrehun eta berrogei miliara gertatzen ari zen drama urduri behatuz.

Lancelot R. Gilligrass jauna, Amerikako Estatu Batuetako lehendakaria, Lurreko gizonik poteretsuena etxe zuriko bere langelan eserita zegoen.

Kinka larriko une hartan, lehendakariak premiaz bere aholkulari garrantzitsuenei deitu zien, eta han zeuden guztiak, hurbiletik, telebistaren pantaila erraldoiaren bidez, arriskutsua zirudien kristalezko kapsula eta etsipenezko itxura zuten zortzi astronauten mugimendu guztiei jarraituz.

Han zeuden aholkulari guztiak.

Han zegoen Armadako arduradun nagusia, beste lau jeneralekin batera.

Han zeuden Itsas Komandante, Aireko Komandante eta lehendakariaren lagunik onena zen Afganistaneko ezpata irenslea.

Han zegoen lehendakariaren ekonimi aholkularia, gela erdian zutik, bere buru gainean aurrekontua orekatu nahian, behin eta berriz erortzen bazitzaion ere.

Lehendakariarengandik hurbilen zegoena lehendakariordea zen, kokotsean ileak zituen larogeitabederatziko atsotzarra berau.

Lehendakaria haurra izan zenean, haren umezaina izan zen, eta Tibbs andereñoa zen bere izena.

Tibbs andereñoa erregeaulki antzeko potere berbera zen.

Ez zuen jasatzen inolako txantxetarik.

Lehendakariarekin umezaina izan zen bezain gogorra zela orain ere zioten batzuk.